SINOPSIA

PostIndependentzia

Atxagak Euskal Hiria metafora literarioa bota zuen Salzburgoko adar moduan putzura eta hondotik, kristalez disdiratsu moduan aterako genuela irudikatu zuen. Ez da hori gertatu. Euskal geografiak, beren gizarte konplexutasunean eta aniztasunean ulertu eta gauzatu behar genuen metafora ez dugu gauzatu. Ez gara gai izan kategoria sozio-ekonomiko eta politiko-instituzional zabalak epe luzeetan prospektibaz eraikitzeko. Hika-mikak eta epe-motzak agintzen du euskal politikan eta horren kudeaketa kategoria kontrajarrien paralisian kateatutako mataza da.

Atxagak ez, baina agian Sarrionandiak bidea ireki digu aspaldi ordea: #HanIzanikHonaNaiz. Lurraldea, barruko eta kanpoko dinamikek osatzen dutenean, kontraesanak azaleratuz onartu beharrean dira, gureak, norberarenak eta besteenak. Globalizazioaren aroan beraz, zein da “euskal” adierak jokatu beharko lukeen rol-a? Zein bestalde “euskal” adierak mundu globalari egin beharko lioken ekarpena? Eta bien bitartean, nola eratu nazioartearekin batera euskal adiera eguneratu bat, hurrengo bost urteetako erronkei aurre egiteko? Horretarako, zein lurralde estrategia translokal bideratu? Alegia, pertsonen arteko lurraldetasun global eta lokalen hibridotasunean autoeratzen diren sareen bidez? Zein da euskal erakundeak erronka hauen aurrean duten kokalekua eta beraien egungo lanaren islada? Posible al dugu, baita ere, lurraldegintza dinamiko baten estrategia eta politikak herri mailan definitzerako orduan, ekintzaileak (pertsonak) erakundeen estankamentuaren biktima baino suspertzaile bilakatzea? Ezkuizkribu honen hipotesiak, Euskal Herria, ez soilik Estatu Espainiar eta Frantsesaren eskema zaharkituen ondorioz bakarrik, baizik eta bere baitan, garatu dituen inertzia asko direla eta; bere lurralde politika eta estrategietan inflexio puntu bat behar duela sostengatzen du haseratik. Horretarako galderak erantzunak baino gehiago proposatuz.

Euskal geografiak, barru nahiz kanpokoak, abagune estrategiko garbi batean daude. Keating-ek dion moduan (2001, 2005, 2009), Globalizazio eta Europear integrazioaren ondorioz, Estatu-Nazioen barruan postabertzaletasun baten biziberritze bat areagotzen ari baita. Lurraldeak beraien bidea hartzen ari dira. Baina bide guztiak ez dira berdinak eta ez dituzte emaitza berdinak izanen. Hor, Gizarte Berrikuntzaren ekarpena ezinbestekoa da, prozesu demokratiko horiek estrategikoki ikertu, behatu eta aurrez prestatu ditzagun. Eskuizkribuan autoreak, Euskal Herria www.cityregions.org proiektuan ikertzen diren gainontzeko 7 Hiri-Eskualde diren lurraldeekin alderatzen ditu: Dublin, Portland, Oresund, Islandia, Liverpool/Manchester, Eskozia eta Katalunia. Lurralde bakoitzak bere berezitasunak eta baita bere estrategia eta politikak izanik. Helburua, Euskal Herria bera erlatibizatzea da.


Bere burua besteen bidez defini dezan aurrerantza begira, eta ez noski Estatu Espainiar eta Frantsesaren baldintzagai administratibo-politikoen eta koordenada cul de sac etengabeetan. Hori iragana beharko luke izan.

Nola ikusten da Euskal Herria kanpotik? Eta barrutik ere bizi eta sentitzen dutenek, zer ikusten dute? Zer egin hemendik aurrera? Argi dago, geopolitika eta geoestrategia berri baten atezuan dagoela mundua baina baita ere Euskal Herria. Nola aprobetxatu abagunea, izatera iritsi nahi duen Komunitate Nazionala izatera iristeko? Faktore batzuk eman dira, Lurralde Estrategia TransLoKal berriak eskatzen dituenak. Besteak beste abagune berri hau honako faktoreak definitituta etorri da: ETAren borroka armatuaren amaiera, normalizazio politiko eta bake prozesu baten balizko egoera, zatiketa administratibo erreala, Estatu Espainiarraren eredu sozio-ekonomiko eta territorialaren porrota, Estatu-Nazioen eredu zaharkitua, konstituziogintza berri baten beharra, hiri-eskualdeen unitate geografikoen gailentzea, migrazio mugimenduen garrantzia, iraganeko oinaz eta gamboa inertzia kulturalen perpetuazioa, eredu ekonomiko postkrisi jasangarri eta sozialki orekatu baten beharra, etab. Hauek guztiek, Euskal Herriaren lurraldetasunerako galderak sortu beharko lituzkete. Baina ez erantzun teoriko bat emateko bueltan. Baizik eta hain beharrezkoa dugun policy-making kultura politiko eta demokratiko bat gizarteratzeko. Horrexegatik, zubigintzan oinarritutako eztabaida eta kultura politiko berri bat behar du Euskal Herriak, eskuizkribu honen arabera. Zubigintzan eta akordioetan oinarrituko den Politika PostIndependentista moderno, eguneratu eta nazioartearekin etengabeko loturak dituena.

Izan ere, aztertzen diren beste lurraldeetan, guztiek dute amankomunean zerbait: guztiak dira Hiri-eskualdeak. Alegia, guztiek garatzen dituzte beraien erabakitze eskubidea edo lurraldetasun subjektiboa lantzeko estrategia eta lurralde politikak. Horretan ez dago ezberdintasunik. Euskal Herriak, zentzu horretan, bidea bakarrik egin beharrean, bere prozesu demokratikoak ahalik eta Gizarte Berrikuntza altuenarekin egiteko prestatu beharko luke beste lurraldeekin trukatuz irakasgaiak. Horri deitzen zaio PostIndependentzia: biharko balizko lurralde independiente horren erabakitze-eskubidea gauzatzeko, lurralde estrategia eta politiken alorretik gaurtik prestatu, landu, aztertu, ikertu eta gizarteratzen joateko eszenarioa litzateke. Onartutzat ematen baita, independentzia edo devolution (OECD, 2001) prozesuak, prozesu demokratiko osoak direla, Europar Batasun eta mundu mailako lurraldeetan gertatzen ari den moduan. Hala ere, prestaketa lan horretan beste lurraldeak behatu, konektatu, benchmarking-a egin eta konparatzea ezinbestekoa da. Izan ere, Euskal Herriaren nazioarteko nortasuna ezin da autoidentifikazio batean soilik oinarritu. Beste lurraldeen errekonozimendua landu beharrean dago Euskal Herria datozen 5 urteotan. Balizkoak zaizkion estrategia eta politika TransLoKal zentzu horretan ezinbestekoak ditu. Alegia, bat, kanpora begira jartzea, barrukoarekin txertatuz oso modu sistematikoan eta bi, ekintzaile translokalei bere paper protagonista emanez, erakundeen dominantzia itsu eta geldoetatik at. Ekintzaileak aurretik joan behar dira, erakundeak babesa emanez, atzetik. Eta ez gertatzen dena, hain zuzen alderantzizkoa: erakundeak estaltzen duela, ekintzaile gutxi batzuen iniziatiba, guztia geldiaraziz, dinamismoa itzaliz, aldaketak oztopatuz, sistema itoz.

#HanIzanikHonaGara, PostIndependentzia eszenarioa prestatzen joateko tresna bat da, apurka apurka baina maila sistematiko, serio eta estrategikoan. Kanpoa naiz barrua, barrua naiz kanpoa uztartzen joateko. Bestela, inprobisazio eta prospektibarik gabeko behin behineko ekintzek lurraldegintza bilutsik utzi ahal dute, noraezean. Euskal sistemak susperketa behar du. Eta susperketa horretan, erakunde publiko, enpresa, akademia, teknologia zentru, sindikatu, eragile sozial eta ekonomiko, gizarte zibil eta gizabanakoak (ekintzaile/aktibistak) ezinbestekoak dira.

Eskuizkribua, bi ataletan banatua dago. Saiakera ekintzailea izatea du helburu. Alegia, maila pertsonaletik idatzia dago modu librean, baina kutsu eta sistematika akademikoa izanik ere, bukaeran proposamen prospektibo eta konparatibo batekin amaitzen da. Emaitza operazional gisa, www.PostIndependence.org plataforma, PostIndependentziarako Komunitate Translokal horiek modu offline eta online batean auto-antolatzea izanik proposamen konkretua.

Lehenengo atalean, #HanIzanikHonaNaiz, autorea, Joseba Sarrionandiaren aiputik abiatzen da. Saiakera pertsonal esperientzial baten estiloarekin hasten da. Ardatza garbia da, zer da lurraldea eta zer litzateke euskal lurraldetasuna testuinguru geopolitiko eta geoestrategiko translokal batean.

Bigarren atalean, #HanIzanikHonaGara, autoreak postura pertsonala alboratu eta ikertzailearen rol-a hartzen du, saiakera zientifiko ekintzaile bat proposatuz.

Galderak darabilzki, erantzun sortak proposatuz. Beti ere preskripzioa baino, eztabaida lerratzea delarik helburu bakarra. Ahalegin berezia egina dago, eztabaida sendo eta errigorezko bat irekitzeko. Atal hau lau azpiataletan dago banatua: Mapak, Izenak (& Izanak), Lurraldeak eta Estrategiak. Azpiatal bakoitza aldi berean lau zatitan banatzen da. Helburua, PostIndependentzia atalera iristea da, lehenago; Gizarte Berrikuntza Kritikoa, Smart City, Gu (& Besteak?) 8 lurraldeen konparaketa, Hiri-Eskualdeak, Komunitateak eta Translokalak azalduz, atzetik aurrera.

Jaitsi PDF